Gaur egun, gure ikasle gehienek Aste Santua oporrekin identifikatzen dute, eguzkiarekin, eskiatzearekin…
Gogoan dut, ni ikasle nintzenean, Don Cayetano apaiz-irakasleak urtero botatzen zigun sermoia: Aste Santuan ez zen kanpina hartu eta mendira joan behar, ez genuen zinera joan behar… Kristo hil zela gogoratzen zen opor hauetan eta gordetzeko egunak ziren. Garbi dago Don Cayetanok ez zuela arrakasta handirik lortu, gutako gehienok gauza bitxi bezala gogoratzen baititugu bere hitzak, esanahiari asko erreparatu gabe…
Garaiak aurrera doaz eta nik ez dut Don Cayetanoren ordea hartu nahi, baina historia historia da eta nire lana da hori zabaltzea. Hementxe doakizue kapitulu berri bat (edo zaharra esan beharko nuke?).
Orain mende erdi inguru Aste Santuan Alegian egiten ziren prozesioak inguruko garrantzitsuenetakoak izaten ziren eta jende mordoa etortzen zen kanpoko herrietatik ere prozesio hauek ikustera.
Badirudi, Alegian XVII. mendearen hasieran hasi zirela Aste Santuan prozesioak egiten. 1619. urteko Ostegun Santuko gauean egin zen lehenengo prozesioa herrian. Horretarako, garai hartan herriko alkate zen Pedro de Olozagari baimena eskatu behar izan zioten. Izan ere, alkatearena zen Kalebarrengo-Sagardi izeneko lur eremuan jarri behar zen prozesiorako gurutzea; eliztarrak, kandela zuriak eskutan elizatik aterako ziren, gurutzera iritsi, honen inguruan bira eman eta berriz ere elizara itzuliko ziren.
1629an gurutz-bidea elizatik San Migel ermitara egingo zela erabaki zen. Horretarako, ibilbide osoan zehar gurutzeak jarri ziren. Gurutze hauek jartzeko zortzi egun behar izan zituzten gutxi gorabehera, eta 6 dukat eta 56 erreal kostatu ziren.
1781ean, ordea, gurutz-bidearen ibilbidea aldatzea erabaki zen. Urte hartan hasi ziren kalbarioak orain ezagutzen ditugun bezala egiten, hau da, elizatik abiatu eta Orendaingo bidean gora. Horrela, 1781eko abenduaren 28an Miguel Ignacio Goikoetxeak, Alegiako elizako errektoreak, Felipe de Ugalde hargin tolosarrari agindu zion Errandasoroko harrobian 16 gurutze egin zitzala. Gurutze hauek 150 peso kostatu ziren.
Hala ere, 1862. urtetik aurrera hasi ziren Alegiako prozesioak sekulako garrantzia hartzen. Izan ere, urte hartan irudiak eta erromatarrek erabiltzen zituzten bezalako jantziak erosi ziren.
1914. urtean berritu ziren berriz jantzi horiek, 250 pezetaren truke.
-
Garai hartan Aste Santua Asteazken Santuan hasten zen eta Elizako aldarean Kristo Gurutziltzatuaren irudi bat jartzen zen.
-
Ostegun Santuko prozesioan lau irudi ateratzen omen ziren kalera.
-
Hala ere, zalantzarik gabe Ostiral Santuko prozesioa izaten zen garrantzitsuena eta ikusgarriena. Ostiral Santuan,
-
arratsaldeko 15:00etan, prozesioaren aurretik, Kristo gurutzetik jaisten zuten, eta hilobian jarri. Arimateako Jose eta Nicodemos egoten omen ziren bertan, Jesus gurutzetik jaitsi zutenak, alegia, eta apaizaren aginduak jarraituz, lehenengo esku bat, gero bestea… gurutzetik askatzen zuten.
-
Gainera, zati bakoitzak bere kantua omen zeukan.
-
Ondoren, prozesioan ateratzen zen, erromatar soldaduek lagunduta.
1923. urtetik aurrera,
-
prozesio honen hasieran Oración del Huerto delako irudia joaten zen, urte hartan erosia izan baitzen. Honekin batera, zutabeari loturiko Kristoren irudia joaten zen.
-
Oración del Huertoren ondoren Jesus Azotado joaten zen, eta hauen atzetik, bi herritar, bata Nazarenoa eta bestea Veronica balira bezala, azken hau Jesusen aurpegia garbitzeko erabilitako zapiarekin.
-
Jarraian gurutze bat, bi eskilara eta zapi zuri batekin,
-
Atzetik herriko hiru neska aingeruz jantzita, iltzeak eta koroa zeramatzatela.
-
Hauen ostean lehen aipaturiko Kristoren hilobia joaten zen, soldadu erromatarrek lagunduta; soldaduak herriko mutilik altuenak izaten omen ziren.
-
Azkenik, prozesioaren amaieran Laureano Zubeldia, Txanbolin herriko txistularia joaten zen, bonbardinoarekin hileta martxa joaz.
1890. urtera arte Ostegun eta Ostiral Santuko prozesioen ondoren bizilagunei ardoa eta ogia banatzen zitzaien.
1918an eta 1919an prozesioak solemnizatzeko Tolosako Diapasán musika banda kontratatu zela.
Gaur egun Alegian ez da prozesiorik egiten. 1983ko uholdeek prozesioan ateratzen ziren irudietan kalte handiak eragin zituzten. Jose Ignazio Eguzkitza apaizak azaldu digunez, prozesioak egiten jarraitzeko irudi berriak beharrezkoak ziren, eta hori dela eta, bertan behera uztea erabaki zen. Horrela, 1998an egin zen Alegian Aste Santuko azken prozesioa. Dena den, hainbat ohitura txiki mantentzen dira oraindik ere, adibidez, Ostegun Santu egunean hankak garbitzearena. Horrez gain, Ostiral Santu egunez gurutz-bidea egiten da, eta, larunbat gauean, berpizkundeko meza ospatzen da.
Historiak gorde egin behar direla eta, gaurkoa hemendik kopiatu dut. José Ignazio Iglesiasek lan bikaina egin dug!