GIZARTE Jakintzan

Jakintza Ikastolako GIZARTEko Mintegiaren gunea

Euskaraz bai! Pauso bat haragoooooooo…

Posted by koro on 2008 Abendua 12

Iritsi da eguna. Bihar, abenduaren 13an, 18:00etatik aurrera, Euskararen Gizarte Eragileen Kontseiluak Barakaldoko BEC-en egingo du ospakizuna.

Euskara Euskal Herriaren berezko hizkuntza da eta bertan izan dezakeen garapenaren baitan bakarrik ziurta daiteke bere biziraupena. Euskarak etorkizuna behar duelako, iraungo duen hizkuntza izatea nahi dugulako eta euskal herritar guztien hizkuntza izatea nahi dugulako, ezinbestekoa da euskararen garapena ziurtatzea.

Zorionez, nahiz eta euskal jendartean osoki euskaraz bizitzeko aukerarik ez egon, gaur egun, neurri handi batean euskaraz bizi den jendarte zabala dago. Euskalgintza bilgune da euskaraz bizi den jendarte horrentzat. Hortaz, euskaraz bizitzea da gure aukera. Aukera hori hartu dugunontzat euskaraz bizi ahal izateko baldintzak sortu nahi ditugu eta horretarako ari gara lanean euskalgintzan. Horregatik ere hizkuntzarentzat esparruak garatu eta zabaldu nahi ditugu; geure bizitza euskaraz normaltasunez egin ahal izateko.

XXI. mendearen hasieran euskarak bizi duen egoeraren aurrean, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko Batzar Nagusiak oinarrizko irakurketa hau egin du, euskararen egungo egoeraz:

  • Egindako lanari esker euskal herritarren euskararen aldeko jarrerak azken hamarkadetan bilakaera baikorra izan duela ukaezina da. Gehiengo zabalaren jarrera euskararen aldekoa da, euskararen zabalkundea eta normalizazioa lortzearen aldekoa. Baina euskararen garapena nahi baino mantsoago ari da gertatzen.
  • Euskal Herriko biztanleen laurdena euskalduna da. Azken hamarkadetan egindako ahaleginak euskaldunen kopurua handitzea ekarri badu ere, handitze hori ez da izan euskararen normalizazioa bermatzeko adinakoa.
  • Erabileran ere hazkundea gertatu den arren, egoera normalizatuak izango lukeen erabilera mailaren azpitik gaude oraindik.
  • Euskaldunok euskaraz bizitzeko dugun eskubidea ez dago bermatuta, eta nabarmenak dira egunero sortzen diren ezintasunak. Euskal Herriko hainbat eremutan, euskaraz bizitzeko aukera dagoenean, euskaldunak ahalegin gehigarria egin behar du hori lortzeko, ohiko funtzionamendua, lehenetsitakoa, erdaraz garatzen delako.
  • Abagune honetan, euskalgintzak elkarlan-jarduera aberasgarria eraiki du. Elkarlan-giro horren emaitza oparoa da euskarari emandako bultzada, ehunka gizarte-eragileren ekarpena eta instituzioengan lortutako eragite-lana. Aurreratutakoa kontuan izan eta normalizaziora iristeko bidea falta dela gogoan hartuta, oinarrizko ildo hauek jarraituko ditugu etorkizunera begira:
  1. Euskararen berreskurapen-prozesua azkartzea ezinbestekoa da. Hau da, egun Euskal Herrian euskara ez dakitenek ikastea, eta, bere erabilera esparru eta eremu berrietan handitzea, ahalik eta eperik laburrenean. Ezagutza eta erabilera zabaltzeko aukera berriak sortzen jarraitu behar dugu.
  2. Funtzio sozial guztiak euskaraz garatzeko aukera lehenbailehen lortzea ezinbestekoa da, horrela lor baitaiteke euskararen normalizazioan urrats benetakoak egitea.
  3. Euskara lehentasuneko hizkuntza izatea lortu behar dugu, horrela ziurta baitaiteke euskaldunen eta biztanle guztien hizkuntza eskubideak bermatuta izatea.
  4. Hori guztia egiteko lan politiko-instituzionala eta lan soziala bideratu behar dira, biak ere norabide berean. Erakunde instituzionalek, eragile politikoek, ekonomikoek eta sozialek, norbanakoek eta euskalgintzak norabide berean lan egitea ezinbestekoa da, guztion arteko lankidetzak ziurta baitezake euskararen geroa eta Euskal Herri euskalduna.

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua osatzen dugun eragileok euskararen eremu osoan euskaraz normaltasunez bizitzeko ari gara lanean. Etorkizunerako, euskalgintzan ari garen erakunde eta lagunok lanerako ilusioa eta grina dugula berretsi nahi dugu. Ahalegin horretan batera jarduteko gonbita luzatzen diegu jendarte-eragileei, erakundeei, eta gizarteari oro har.

Amaitzeko, Kontseiluak 10 urte hauetan euskara ikasi, erabili, zabaldu eta horren aldeko hautua egin duten jendarte-eragile guztiei eta pertsona guztiei zorionak eman nahi dizkie.

OHARRA: Ekitaldirako sarrerarik gabe bazaudete oraindik, lasai egon! BEC-en hartu ahal izango dituzue doako sarrerak. Izan ere, ez dugu nahi inor kanpoan gera dadin eta denontzako tokia izan dadin ahalbidetuko du Kontseiluak.

Leave a Reply

XHTML: You can use these tags: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>