GIZARTE Jakintzan

Jakintza Ikastolako GIZARTEko Mintegiaren gunea

Archive for Ekaina, 2008

Ordiziako Musika Eskolak 25 urte: Golden Apple Quartet

Posted by koro on 28th Ekaina 2008

Atzo Golden Apple Quartet, Donostiako laukoak, Herri Antzokian abestu zuen lehen aldiz. Bukatu berria da ikasturtea, eta urte honetan guztian zehar Ordiziako Musika Eskolak bere 25. urteurrena ospatzeko ekitaldi ugari antolatu du. Atzokoak itxi zuen ospakizunen zerrenda.

1986an sortutako taldeak musika, umorea eta errespetua uztartzen ditu. Loiola Garmendiak, Eduardo Errondosorok, Manuel Romanok eta Enrique Otxoak osatzen duten laukoa ezaguna da oso musikaren munduan. Hamaika emanaldi eta ekitalditan parte hartu du Golden Apple Quartetek, eta haien ahots-joko, xelebrekeria eta erritmoarekin entzuleak bereganatzen iaioak direla erakutsi dute.

Ordiziako Musika Eskolak gonbidapen ugari banatu zuen guraso, lankide eta erakundeen artean eta gonbidatuek ez zien muzin egin. Oso gustu ona utzi zuen Golden Apple Quartetek ikusleen artean eta gaztetxoenek traje beltzek ematen zuten seriostasuna hausten zela ikusi eta ikasi zuten. Gozamena izan zen han bildu ziren guztientzat.

Ez zen giro atzo Ordizian! Inork ez zuen etxeratu nahi eta jende asko Garagardo Festara joan zen afaltzera; Musika Eskolakoek, berriz, Martinez jatetxean eman zioten bukaera urte luze eta aberats honi. Azken muturreraino zaindutako detaileak, gonbidatuen zerrenda atrilean, txartel dotoreak mahaian, lankideek jarri zuten giro goxoa…

Urte askotarako oparotasuna opa dizuegu denoi!

Posted in Albisteak | No Comments »

HERRI ANTZOKIAK 25 URTE: Joe Strummer: vida y muerte de un cantante.

Posted by koro on 26th Ekaina 2008

Ordiziako Herri Antzokiak 25 urte bete ditu, eta hori ospatzeko musikarekin zerikusia duten lau film proiektatuko dituzte. Zikloari Musika Zinean izena jarri diote, eta Musika Eskolak eta Herri Antzokiak antolatu dute elkarlanean.

Lau filmak ostegunetan izango dira, 21:00etan, eta sarrerak hiru euro balio du. Aurrenekoa gaur proiektatuko dute: Joe Strummer: vida y muerte de un cantante. Julien Templek zuzendutako filmak (123 min.) orain bost urte hil zen The Clash talde mitikoaren lider Joe Strummeri egiten dio gorazarre.

Gaur zortzi Across the universe filma botako dute. 1960ko hamarkadako AEBetako unibertsitateetan girotutako musikal antibelikoa da, Julie Taymorrek zuzendua.

Uztailaren 10ean, Anonimos filmaren txanda izango da. Gerra zibila bizi duen alegiazko Amerikako Estatu Batuetan girotua dago, eta Bob Dylan da filmaren haria eramaten duena.

Zikloa ixteko, Martin Scorsesek Rolling Stonesi buruz egindako dokumentala botako dute uztailaren 17an: Stones, shine a light.

Gaur ez da egun egokiena izan zikloari hasiera emateko. Garagardo Festa ere gaurkoan hasi da eta Strummerri buruzko pelikula honetan interes bizia izan zezakeen jende ugari han egotekotan zen. Dozena bat pertsona izango ginen aretoan eta asko estimatu dugu Herri Antzoki eta Musika Eskolaren ekintza. Pena izan da zikloan interes gehien piztuko duen pelikuletako bat lehenengoa izatea, Garagardo Festarekin batera, futbola… Aukera galdua!

Bide batez, zorionak esateko aprobetxatuko dugu. 25 urte emankor hauek jarraia izango duten itxaropenez, gure animoak bidaltzen dizkizuegu hemendik!

Posted in Albisteak | No Comments »