EUSKO IKASKUNTZA eta Wall Street Journal
Posted by koro on 11th Urtarrila 2008
Oker ez banago, 2007ko azaroan ikusi genuen Basque Inquisition: How do you say shepherd in euskera? izeneko artikulua The Wall Street Journal egunkarian. Ingelesa ulertzen ez dugunok itzulpenekin konformatu ginen: Jaurlaritzak milaka lagun eskolara itzultzera behartzen dituela eta milioika euro xahutzen dituela “nekazal inguruko hizkuntza bat berpizten” esaten omen zuen Keith Johnsonen artikuluak.
Kazetariak Joseba Arregi Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu ohiaren eta Leopoldo Barreda PPko legebiltzarkidearen hitzak aipatzen zituen, besteak beste. Arregik zioenez, “euskara ez da ona eguneroko elkarrizketa baterako. Hizkuntza bat inposatzen denean gutxiago erabiltzen da eta inposiziozko zein erreakziozko zirkulu beldurgarri bat sortzen du. Gehiegi fortzatu da hizkuntzaren erabilera”. Leopoldo Barredaren iritziz, berriz, “euskara ez da erabiltzen bizitza errealean”. Wall Street Journal-ek bere edizio amerikarrean argitaratu zuen artikuluak - ez Europako edizioan - “Euskadin gaztelania baztertu” egiten dela esan zuen, “euskal inkisizioak” nolabaiteko “garbiketa linguistikoa” garatzen duela.Gainera, artikulua sinatzen duen kazetariak euskara hizkuntza “atzeratua” dela adierazi zien irakurleei, moldatzeko gaitasunik ez duena. Horretarako, “artzain” esateko 10 modu ezberdin daudela zioen, baina neologismoak asmatu behar direla “aireportu”, “independentzia” edota “demokrazia” bezalako gauzak esateko. “Euskal separatista askok armak gramatikagatik ordezkatu” dituztela ere idatzi zuen Johnsonek eta “euskara bizitza publikoko esparru guztietan inposatzearekin amesten” dutela.
Gaur, ostirala, bilera esanguratsua izango da New Yorken. Hainbat hilabetez zain izan eta gero, Eusko Ikaskuntzako hainbat ordezkari Wall Street Journal-eko zuzendariordearekin bilduko dira.
Keith Johnson kazetariak Wall Street Journal egunkarian euskarari buruzko artikulu polemiko hori kaleratu zuenetik ugariak izan dira kexak eta egunkariko arduradunekin bildu nahi zuten Eusko Ikaskuntzako ordezkariek.
Kaleratu zen egunetik, oihartzun handia izan zuen testuak euskal komunikabideetan eta hamaika internautek kexa e-mailak bidali zizkioten berehala egileari. Kexen bolumena ikusita, erantzun komuna igorri zuen Johnsonek, bere asmoa ez zela “euskara gutxiestea izan” argituz eta “euskal hiztunei nolabaiteko irainen bat” egin bazien, barkamena eskatuz.
Egun horretan bertan, Eusko Jaurlaritzak kexa gutun bat igorri zuen egunkarira eta egun batzuk beranduago, hainbat esparrutako eta herrialdetako 180 pertsona ezagunek ere antzeko gutuna bidali zuten egunkarira, euren kexa agertuz.
Azkenik, Eusko Jaurlaritzak internet bidez lortutako 17.000 sinadura igorri zizkion Wall Streetako zuzendaritzari, euskal komunitatearen haserrea adieraziz.
Beste esteka batzuk:
Posted in Albisteak, Euskara, Historia | No Comments »