GIZARTE Jakintzan

Jakintza Ikastolako GIZARTEko Mintegiaren gunea

Archive for Urtarrila, 2008

URDANETA: Hitzaldia

Posted by koro on 16th Urtarrila 2008

Oscar Alvarez Gila01.JPG

Uraz handiko zurrumurruak. Euskaldunak eta Ameriketarako emigrazioa,
historia ezezagun bat
//  Óscar ÁLVAREZ GILA (EHU Ameriketako Historiaren irakasle titularra). Euskarazko solasaldia.

Tokia: Barrena Kultur Etxea

Noiz: urtarrilaren 17an, ostegunean, arratsaldeko zazpietan.

Euskal Herriako historia osatu gabea izango litzateke, Ebrotik Aturrira bitarteko geografia estuan geratuko bagina antzinako gertaerak aztertzeko.

Aspalditik, euskaldun asko eta asko atera zen bere herritik bere jarduera egiteko,  penintsulara, edo Ozeanoren bestaldera, Ameriketara edo are urrutiago, Asiako lurraldeetara, Urdanetaren kasuan bezala.

Mendetan zehar, historia aberatsa sortu du itsasoz haraindiko herrialdeetan euskal presentziak, etorkizun hobea eskuratzeko norbanakoen nahiak eta bere aberriarekiko lotura eta identitatea mantentzeko talde-nahiak nahastuz.

Biharko solasaldian aspirazio haiek eta nahi hauek argituko dira.

OSCAR ÁLVAREZ-GILA (Portugalete, 1966), Historian doktorea da eta Ameriketako Historiako irakasle titularra EHUn. Euskaldunak XIX eta XX. mendeetan Ameriketara joan zireneko gaian dago espezializatuta, eta, nagusi aztertu dituen alderdien artean, honakoak aipatu behar ditugu:

  • Euskal erlijiosoen presentzia
  • Ameriketako gizatalde euskaldunen gizartea eta ideologia
  • Euskal nazionalismoak Ameriketan izandako zabalpena eta formulazio bereziak.
  • Berrikiago, euskal emigratzaileek atzerrian garatu zituzten jarduera ekonomikoetara zuzendu ditu bere azterlanak.

Lau liburu idatzi ditu eta berrogeita hamar artikulutik gora argitaratu Espainian, Frantzian, Italian, Suedian, Mexikon, Argentinan, Uruguayen, Brasilen eta Japonian.

Jasotako sariak:

  • Amerikanisten Nazioarteko 48. Kongresuko Programaren Batzorde Kalifikatzailearen saria: Amerikek mehatxaturiko herri eta giroak gaiari buruzkoa, Stockholmen eta Uppsalan izana (Suedia: 1994ko uztailaren 4tik 7ra), saiakera  honengatik: La formación de la colectividad vasca en los países del Río de la Plata (siglo XIX), Kongresu hartan komunikazio moduan aurkeztu zuena. 1994ko uztaila.
  • Portugaleteko Hiriaren Ikerketa Historikoen IV. “Mariano Ciriquiáin Gaiztarro” saria, Portugaleteko Udalak (Bizkaia) antolatua, honako lanagatik: Pobladores de Portugalete y sus alrededores en la vida cotidiana de Buenos Aires desde fines del siglo XVIII y en el siglo XIX, Nora L. SIEGRIST DE GENTILE eta ANA MARÍA SILVESTRÍN DE JUÁREZekin batera egina. 1994ko abendua.
  • Espainiaren eta Amerika Hispaniarraren arteko batasunari buruzko ikerketa historikoaren “Alonso Quintanilla” saria, bere V. edizioan, Oviedoko Udaleko Kultura Fundazioak antolatua, honako lanagatik: El aporte europeo a la Iglesia en el Río de la Plata: la presencia religiosa vasca (1835-1965) (Doktore tesia). 1997ko urria.

Honako elkarte zientifikoetako kidea da:

  • Eusko Ikaskuntza
  • Société des Sciences, Lettres et Arts de Bayonne-ko bazkide aktiboa
  • Asociación Española de Americanistas-eko kidea
  • Asociación de Historiadores Latinoamericanistas Europeos AHILA-ko bazkidea
  • Asociación para el Estudio de los Exilios y Migraciones Ibéricas Contemporáneas-eko bazkidea.

Posted in Albisteak, Gizarte, Historia | No Comments »

GEOGRAFIA

Posted by gorka on 16th Urtarrila 2008

Kaixo lagunak,

dagoeneko Jakintzako DBHO 2-ko Geografiako apunteak ikusgai egongo dira honako helbide honetan: geografia-dbho2.wikispaces.com. Baita ere, nahi izanez gero gizarteko Jakintzako blog honetan ezkerreko zutabean duzue lotura. Ea pixkanaka gizarteko arloei buruzko blog txukun bat osatzen joaten garen.

Posted in Albisteak, Geografia | 1 Comment »

EUSKO IKASKUNTZA eta Wall Street Journal

Posted by koro on 11th Urtarrila 2008

Oker ez banago, 2007ko azaroan ikusi genuen Basque Inquisition: How do you say shepherd in euskera? izeneko artikulua The Wall Street Journal egunkarian. Ingelesa ulertzen ez dugunok itzulpenekin konformatu ginen: Jaurlaritzak milaka lagun eskolara itzultzera behartzen dituela eta milioika euro xahutzen dituela “nekazal inguruko hizkuntza bat berpizten” esaten omen zuen Keith Johnsonen artikuluak.

Kazetariak Joseba Arregi Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu ohiaren eta Leopoldo Barreda PPko legebiltzarkidearen hitzak aipatzen zituen, besteak beste. Arregik zioenez, “euskara ez da ona eguneroko elkarrizketa baterako. Hizkuntza bat inposatzen denean gutxiago erabiltzen da eta inposiziozko zein erreakziozko zirkulu beldurgarri bat sortzen du. Gehiegi fortzatu da hizkuntzaren erabilera”. Leopoldo Barredaren iritziz, berriz, “euskara ez da erabiltzen bizitza errealean”. Wall Street Journal-ek bere edizio amerikarrean argitaratu zuen artikuluak - ez Europako edizioan - “Euskadin gaztelania baztertu” egiten dela esan zuen, “euskal inkisizioak” nolabaiteko “garbiketa linguistikoa” garatzen duela.Gainera, artikulua sinatzen duen kazetariak euskara hizkuntza “atzeratua” dela adierazi zien irakurleei, moldatzeko gaitasunik ez duena. Horretarako, “artzain” esateko 10 modu ezberdin daudela zioen, baina neologismoak asmatu behar direla “aireportu”, “independentzia” edota “demokrazia” bezalako gauzak esateko. “Euskal separatista askok armak gramatikagatik ordezkatu” dituztela ere idatzi zuen Johnsonek eta “euskara bizitza publikoko esparru guztietan inposatzearekin amesten” dutela.

Gaur, ostirala, bilera esanguratsua izango da New Yorken. Hainbat hilabetez zain izan eta gero, Eusko Ikaskuntzako hainbat ordezkari Wall Street Journal-eko zuzendariordearekin bilduko dira.

Keith Johnson kazetariak Wall Street Journal egunkarian euskarari buruzko artikulu polemiko hori kaleratu zuenetik ugariak izan dira kexak eta egunkariko arduradunekin bildu nahi zuten Eusko Ikaskuntzako ordezkariek.

Kaleratu zen egunetik, oihartzun handia izan zuen testuak euskal komunikabideetan eta hamaika internautek kexa e-mailak bidali zizkioten  berehala egileari. Kexen bolumena ikusita, erantzun komuna igorri zuen Johnsonek, bere asmoa ez zela “euskara gutxiestea izan” argituz eta “euskal hiztunei nolabaiteko irainen bat” egin bazien, barkamena eskatuz.

Egun horretan bertan, Eusko Jaurlaritzak kexa gutun bat igorri zuen egunkarira eta egun batzuk beranduago, hainbat esparrutako eta herrialdetako 180 pertsona ezagunek ere antzeko gutuna bidali zuten egunkarira, euren kexa agertuz.

Azkenik, Eusko Jaurlaritzak internet bidez lortutako 17.000 sinadura igorri zizkion Wall Streetako zuzendaritzari, euskal komunitatearen haserrea adieraziz.

Beste esteka batzuk:

Ganbaratik

eitb

Posted in Albisteak, Euskara, Historia | No Comments »